2019/01/28

2019ko Arrasateko martxoak 8 plataforma Zatoz gurekin!!!

Kaixo lagun!

Zuri idazten dizugu urtarrilaren 15ean plataformara gerturatzea ezinezko suertatu zitzaizulako, baina bertako berriak jasotzeko gogotsu zaudela badakigulako!

Argazkietan ikusi izan zenuen bezala parte hartzea oso handia izan zen, emakume pila gerturatu zen bai goizeko baita arratsaldeko deialdira ere. Denak gogotsu aurtengo martxoak 8 denon artean diseinatzeko. Erantzun anitza izan da, bai adinetan bai ingurune ezberdinak ordezkatzen ditugulako. Greba feministak denetariko emakumeak batu eta espazio ezberdinak astintzen lagunduko digu.

2018ko olatua eta gero 2019an gure aldarrikapenak zabaldu nahi ditugu. Bizitzak erdigunean jarri, inor prekarietatean bizi gabe, indarkeria matxista eta heteroarauarekin amaitu, arrazakeria eta gerra kolonialik gabe eta gure aniztasunak onartu nahi ditugu. Gure gorputzak, lurraldea eta lurra defendatzeko ordua dela uste dugu.

Bi astetik behin elkartzea adostu dugu, asteartetan, beraz aukera baduzu apuntatu agendan urtarrilak 29, otsailak 12 eta 26 deialdiak, Kulturaten, goizeko 10:30tan edo arratsaldeko 18:30tako deialdira gerturatu zaitezke. Plataformara gerturatzeko aukera irekita dago!

Lantaldetan antolatu gara, oraingoz 6 lantalde: Martxoak 8ko egitaraua, aurrelanketaren diseinua, zaintza arloa, ikasleen greba, enplegu greba eta komunikazioa. Lantalde berriak sortu daitezke (pentsionistak, diru kontuak adibidez), bakoitzak nahi duen lantaldean parte har dezake. Plataformako guztien artean diseinatu eta erabakiko dugu zer egin eta gero bakoitzak esango du zertan lagundu dezakeen.

Plataformara gerturatzea ezinezkoa bazaizu baina aurreko deialdiaren akta jaso nahi baduzu edota lantalderen baten sartu, bidali email bat  m8arrasate@gmail.com –era.

Emakumeok* baturik eta elkarlanean geldiezinak garelako, martxoaren 8a borroka egun ahaztezina bihurtuko dugu. Zatoz gurekin!!!

ARRASATEKO MARTXOAK 8 PLATAFORMA

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina